Castellano | Euskara

Hasiera >  Funtzioak  > 

Funtzioak

  1. Nafarroako Parlamentuaren osaera
  2. Nafarroako Parlamentuaren funtzioak

Nafarroako Parlamentuaren osaera

Gehienez ere lau urtean behin, Nafarroako Parlamentua berritzeko hauteskundeak deitu eta egiten dira, berrogeta hamar parlamentari berri aukeratuz.

Igo

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza


Parlamentuko Lehendakariaren bulegoa.

Nafarroako Parlamentuko lehendakaria da Nafarroako Parlamentua ordezkatzen duen pertsona, bertako organo guztien lana bultzatu eta koordinatzen duena, Parlamentuko Osoko Bilkuraren zuzendaritza-lana egiten duena, eta abar. Nafarroako Parlamentuko lehendakaria da, Gobernuko lehendakariarekin batera, Nafarroaren ordezkaritza handiena duen pertsona.

Parlamentuko lehendakaria aukeratzen da hauteskundeen ondoren Parlamentuak eginiko lehenengo bilkuran.

Lehendakariak dituen eginkizunen artean dago Parlamentuko bizitza antolatu eta bultzatzea; betiere, Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatzen duten kideekin elkarlanean. Lehendakariak sinbolizatzen du Nafarroako gizarte osoak bizikidetasunean bizitzeko egiten duen lana, parlamentariak pentsaera ezberdinetako pertsonak baitira, proiektu beraren alde lanean dihardutenak: bidezko legeak egitea, Nafarroaren aurrerabidea ekarriko dutenak.

Igo

Parlamentuko Mahaia

Nafarroako Parlamentuko Mahaia.

Prozedura berari jarraituz, Nafarroako Parlamentuko bi lehendakariordeak eta bi idazkariak aukeratzen dira. Lehendakariak, bi lehendakariordeek eta bi idazkariek osatzen dute Nafarroako Parlamentuko Mahaia, zeinak baitauka Osoko Bilkuraren lehendakaritzaren eta zuzendaritzaren ardura.

Igo

Parlamentu-taldeak

Parlamentari hautetsiak parlamentu-taldeetan biltzen dira. Talde horiek hauteskundeetara elkarrekin aurkeztu diren alderdi edo koalizio bateko kideek osatzen dituzte. Parlamentu-talde bat osatzeko, gutxienez hiru parlamentari behar dira. Askotariko Taldearen barruan sartzen dira beste talde batean ez dauden parlamentariak eta hauteskundeetan bi eserleku baino gehiago lortu ez dituzten alderdi politikoetako parlamentariak..

Igo

Eledunen Batzarra


Mahaia eta Eledunen Batzarra.

Eledunen Batzarrean parlamentu-talde bakoitza eledun baten bidez ordezkatua dago. Parlamentu-talde bakoitzak zenbat parlamentari, hainbeste boto dauzka haren eledunak (boto ponderatua). Horrez gain, organo honi dagokio, besteak beste, parlamentu-ekimenen izapidetzea erabakitzea Parlamentuko Mahaiarekin batera, Legebiltzarreko aurrekontuak eta kontuak onestea, bai eta adierazpen instituzionalak egitea ere.

Igo

Batzordeak


Batzorde baten bilera.

Batzordeak dira Legebiltzarraren osaera proportzio berean ordezkatzen duten kideez osaturiko organoak. Eginkizun gisa dute Osoko Bilkurak berretsi beharreko gaiak prestatu eta eztabaidatzea eta, halaber, parlamentariek betetzen duten kontrol-eginkizunaren esparruan, agerraldiak egitera etortzen diren Gobernuko kontseilariekin informazio-bilkurak egitea. Hamabost Batzorde daude eta hamahiru kidez daude osatuta Gainera, Osoko Bilkurak batzorde gehiago sortzeko ahalmena dauka.

Igo

Batzorde iraunkorra


Osoko Bilkuren aretoa hutsik.

Batzorde Iraunkorrak eginkizun gisa dauka Nafarroako Parlamentuaren zereginez arduratzea Parlamentua bilduta ez dagoenean; alegia, bi bilkuraldiren artean (urtarrilean eta uztail-abuztuan) eta hauteskundeetarako deia egitearen ondorioz Legebiltzarra desegiten denean. Haren osaera gainerako batzordeena bezalakoa. Nafarroako Parlamentuko lehendakaria da Batzorde Iraunkorreko lehendakari, hizpidea du, baina ez botorik.

Igo

Osoko Bilkura


Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkura.

Osoko Bilkura, berrogeita hamar parlamentariek osatua, Parlamentuaren ordezkari gorena da. Legebiltzarraren nahiaren adierazlerik zuzenena dela esan daiteke, bai eta, duen ordezkaritzarengatik, Nafarroako herriarena ere.

Igo

Nafarroako Parlamentuaren funtzioak

Nafarroako Parlamentuak oinarrizko lau funtzio dauzka: ordezkaritzakoak, legegintzakoak, ekonomiko-finantzarioak eta Nafarroako Gobernuaren lana kontrolatzea.

Oinarrizko eginkizun horiez gainera, Nafarroako Parlamentuak lege proposamenak aurkez ditzake Gorte Orokorretan, Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko edo hartatik ateratzeko prozesua abia dezake, konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoak susta ditzake eta abar. Horrela, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du, gobernu-lana zuzen gara dadin zaintzen du eta nafarren bizitza publikoaren zenbait alderdi antolatzen eta zuzentzen ditu, onesten dituen legeen bitartez.

Igo

Ordezkaritza funtzioa


Parlamentari bat Osoko Bilkurari zuzentzen zaionean, Parlamentuko lehendakariaren mahaiaren aurrean kokaturiko mintzatoki batera igotzen da.

Nafarroan erroldatuta dauden 18 urteko adinaz gorako pertsona guztiek daukate boto-eskubidea. Zerrendarik bozkatuenetako 50 hautagaiak hautatzen dira. Horrenbestez, parlamentariek Nafarroako herritar guztiak ordezkatzen dituzte, zeren eta, haietako edonor hautatua gertatzeko, boto askoren babesa behar baitu.

Gaur egun, eta ohiz kanpoko kasuetan izan ezik, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurako botazioak bitarteko elektronikoak erabiliz egiten dira. Baina oraindik ere gordetzen dira antzinako Nafarroako Gorteetan parte hartzen zuten pertsonek bozkatzen zuteneko zilarrezko boto-kutxak. Boto-kutxan bola beltz edo zuri bat sartzen zuten, horrela baietza edo ezetza adierazteko.

Igo

Legegintza-eginikizuna


Nafarroako Parlamentuaren Legegintza-lana.

Nafarroako Parlamentuaren funtzioetako bat da legegintza-eginkizuna. Horregatik, parlamentarien zereginen artean dago legeak egitea. Lege bat da Nafarroako Parlamentuan aldeko botoa jaso duen arau bat, eta herritar guztiak behartuta daude arau hori betetzera. Legeak, eta oro har arauak, askotariko gaiak antolatzeaz arduratzen dira: ibilgailuen zirkulazioa errazteaz, hezkuntza bermatzeaz, herritar guztiei osasun-zerbitzua ahalbidetzeaz, denda bat jartzeko urratsak ezartzeaz, eta abar.

Foru Lege bat egiteko prozedu


Nafarroako Aldizkari Ofiziala (NAO).

Nafarroako Parlamentuak onetsitako lege guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira. NAOren paperezko aleak 2009ko uztailera arte bakarrik dago kaleratzen segitzeko asmoa; hortik aurrera, soilik on line bertsioa, aspalditik abian dagoena, egonen da. NAO guztiak kontsultatu ahal izateko webgunea honakoa da: http://www.navarra.es/home_es/Actualidad/BON/

Bestalde, EAO kontsultatzeko, zoaz beste helbide honetara: http://www.boe.es/g/es/

Igo

Eginkizun ekonomiko-finantzarioa


Nafarroako aurrekontuak.

Nafarroako Parlamentuak daukan hirugarren eginkizun handia (horretan aritzen dira parlamentari guztiak, zenbait hilabetez) da eginkizun ekonomiko-finantzarioa. Parlamentuak urtero aztertu eta onetsi behar ditu Gobernuak aurkezten dituen Nafarroako aurrekontu orokorrak.

Nafarroan, urteroko aurrekontu-proiektua egitea Nafarroako Gobernuaren ardura da. Baina aurrekontu-proiektu hori aplikatu ahal izateko, onetsi egin behar da, eta Nafarroako Parlamentua da onesten duena. Nafarroako Parlamentuak dirusarrerak erabakitzen ditu, herritarrei eta enpresei kobratuko zaizkien zergen bitartez: PFEZa, BEZa, sozietateen gaineko zerga, erregaiaren gaineko tasak eta abar. Halaber erabakitzen du zertan gastatuko diren dirusarrera horiek: osasun-etxeak, ospitaleak, ikastetxeak, unibertsitatea eta errepideak mantendu eta hobetzea, industrialdeak sortzea, bekak ematea eta abar.

Aurrekontuak dira gobernu-ekintzarako baliabide nagusia. Aurrekonturik gabe, dirurik gabe, gobernuek ezin dute gobernatu; horrelaxe ere, zure etxea, dirusarrerarik gabe, hondamen-egoera batean egonen litzateke. Horrenbestez, aurrekontuak onestean datza Nafarroako Parlamentuak erkidego honetako zuzendaritza politiko eta administratiboan daukan parte-hartzerik garrantzitsuenetako bat.

Urtero, Ogasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan uzten du Nafarroako aurrekontu orokorren proiektua, urtea hasi baino hilabete batzuk lehenago. Parlamentu-talde guztiek proiektu hori aztertzen dute, eta egoki iruditzen zaizkien hobekuntza-proposamenak egiten dituzte. Espero izan ohi da aurrekontuak urtarrilaren 1erako onetsita egotea.

Igo

Jarduera politikoaren kontrola eta bultzada


Nafarroako Gobernuko kideei dagozkien eserlekuak.

Nafarroako Parlamentuak betetzen duen beste eginkizun bat da Nafarroako Gobernuak bere botereaz egiten duen erabilera kontrolatzea. Kontrol hau nagusiki bi modutan egiten du:

  1. Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatuz eta, kasua bada, kargutik kenduz.
  2. Galderak eta mozioak aurkeztuz, eta agerraldiak eskatuz, non Nafarroako Gobernuko kideak behartuta baitaude erantzunak eta beren ekintzei buruzko azalpenak ematera.

Laburbildurik esateko, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Foru Komunitateko politika ezarri eta administrazioa zuzentzen du. Nafarroako Parlamentuak kontrolatu egiten du Gobernuak egiten duen lana, eta, behar izanez gero, Gobernuko lehendakaria alda dezake.

Igo

Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzea.

Hauteskundeak egin eta, handik gutxira, parlamentariek Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzen dute Osoko Bilkuran, ongi araututako prozedura bati jarraikiz. Hilabete bat igaro ondoren oraindik ez badute inor hautatu, foru hauteskundeak errepikatzen dira eta Nafarroako Parlamentu berri bat hautatzen da.

Halaber, kasu jakin batzuetan, Nafarroako Parlamentuak zilegi du, Nafarroako Gobernuko lehendakaria ordeztua izan dadin proposatzea.

 Igo

Galderak, mozioak, kontrolerako eztabaidak...


Mintzatokiko mikrofonoa.

Bai Batzordeetan, non ordezkatuta baitaude parlamentu-taldeak, bai Osoko Bilkuran, non esertzen baitira parlamentari guztiak, Gobernua behartuta dago parlamentariek aurkezten dituzten galderei edo jabeldurei erantzutera.

Gainera, urtero, Foru Komunitatearen egoerari buruzko Osoko Bilkura bat egiten da, eta bertan Nafarroako Gobernuko lehendakariak azken urtean egin denari buruzko laburpen bat aurkeztu eta hurrengorako proposatzen dituen ekintzarik garrantzitsuenak aipatzen ditu. Parlamentu-taldeetako eledunek beren kritika nahiz babesa eskaintzen diete azalpen horiei, askotariko argudioak erabiliz.

Igo Itzuli FUNTZIOAK atalera

BALIABIDE DIDAKTIKOAK

Nafarroako Parlamentuaren Aukeraketa

Atal honetako infografiak grafikoki erakusten du nola aukeratzen den Nafarroako Parlamentua.

Ikusi gehiago

Parlamentuaren funtzionamedu eta organoak

Ondorengo bineta hauetan azaltzen da Nola funtzinoatzen duen Nafarroako Parlamentuak eta zein diren haren organoak. Irudiek dena hobeki ulertzen erraztuko dizute.

Ikusi gehiago

Nola egiten da lege bat?

Jarraitu urratsez urrats prozesuaren fase guztiak.

Ikusi gehiago

Nola egiten da lege bat?

Hurrengo binetetan azaltzen da nota egiten den lege bat komiki baten bidez. Jarraitu urratsez urrats prozesuaren fase guztiak.

Ikusi gehiago

Parlamentua eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremanak

Atal honetako binetetan azaltzen da zer nolako harremanak dauden Nafarroako bi erakunde nagusien artean: Parlamentua eta Nafarroako Gobernua. Irudiek dena hobeki ulertzen erraztuko dizute.

Ikusi gehiago

Argitaratu zure lana

Atal honetatik zure Parlamentuari buruzko lana argitaratu dezakezu eta baita beste ikasleek egindakoak kontsultatu ere. Testu bat, bideo bat, argazkiren bat... horietakoak badituzu, bidal itzazu.

Ikusi gehiago

Irakasleentzako materiala

Jaits itzazu unitate didaktikoa, ikaslearen koadernoa eta Parlamentura joateko bisita prestatzeko gidoia. Guztiak eskura dituzu, bai Lehen Hezkuntzakoak eta baita Bigarren Hezkuntzakoak ere.

Ikusi gehiago

Parliztegia

Nafarroako Parlamentuari buruzko hiztegia. Hor aurkituko dituzu webean azpimarratuta ageri diren hitz guztiak.

Ikusi gehiago

Nafarroako Parlamentua

Navas de Tolosa kalea, 1
31002 - Pamplona/Iruña
Telefonoa: 948 209 209
Faxa: 948 228 444
Posta elektronikoa:
parlamento@parlamento-navarra.es
protocolo@parlamento-navarra.es Ikusi gehiago