Nafarroako Parlamentuaren edo Gorteen historia aspaldikoa da, orain dela mende askotakoa. Gorteak ez ziren une jakin batean sortu, baizik eta, Nafarroa bezalako erresuma txiki bateko botere-erakundeen artetik, pixkanaka-pixkanaka garrantzi gero eta handiagoa hartzen joan ziren.
Nafarroako erresuma IX. mendean zehar sortzen joan zen, gaur egun Nafarroa den lurraldearen ekialdeko Pirinioetatik Iruñerriraino.Erakundeak eratu ziren arabiarrekiko borroka eta itunez beteriko epe batean zehar, zeinean apurka hedatu baitzen erresuma osatzen duen lurraldea .Erakundeen artean, nabarmentzekoak dira erregea, botere gorena daukan buruzagi militarra; horretaz gain, berarekin dagoen eta aholkuak ematen dizkion gortea, eta azkenik, auzitegiak. Gorteetan ordezkatuta daude nobleak, elizgizonak eta hiribilduetako biztanle batzuk: erresumako itzal, botere eta aberastasun handieneko pertsonak.
XVI. mendetik aurrera (zehazki, 1512. urteaz geroztik), Gaztelako erresumak Nafarroakoa konkistatu ondoren, Gaztelako erregea Nafarroakoa ere izatera pasa zen. Nafarroan egotea ezinezkoa zitzaionez, bera ordezkatuko zuen pertsona bat izendatzen zuen: “erregeorde” deiturikoa. Gainerakoan, Nafarroako lege eta erakundeei eutsi zitzaien; horien artean, azpimarratzekoak dira Gorteak. Erresumako Gorteek erregearen aurrean ordezkatzen dituzte nafarren interesak. Beren bilkuretan, Koroak emandako arau guztiak aztertzen zituzten, ziurtatzearren arau horiek Nafarroako ohiturak eta legeak, foruak, errespetatzen zituztela. Hori egin eta gero, koroak eginiko diru-eskaerak asetzen zituzten, koroak bere politika aurrera eraman ahal izan zezan bai Nafarroan bai zeuzkan gainerako erresuma eta lurraldeetan. 1576an, Nafarroako Gorteek, lege baten bitartez, Foru Diputazioa eratu zuten, Gorteen batzorde iraunkor gisa, haiek erabakitakoaren betetzea zaintzeko, Gorteek bilerarik egiten ez zuten denbora-tarteetarako. Era horretan, Nafarroako foruak edo legeak uneoro bermatzen ziren.
XIX. mendean, lehenbiziko karlistadaren (1833-1839) ondoren, Nafarroako Gorteak desagertu egin ziren. Nafarroak erresuma izateari utzi eta probintzia bihurtu zen. Hala eta guztiz ere, Diputazioak Nafarroako entitate administratzaile gisa iraun zuen, gobernu zentralak izendatutako gobernadorearekin batera. 1898an Foru Kontseilu Administratiboa eratu zen, Diputazioaren kontsulta- eta aholku-organoa, udal administrazioarekin eta finantza-arazoekin zerikusia zeukaten aferetarako.
Azkenik, 1979an berriro eratu zen Foru Parlamentua, “Nafarroako Gorteak” ere deiturikoa. Parlamentu horrek Nafarroako Parlamenturako lehenengo hauteskundeak prestatu zituen, 1982an eginikoak, eta haietan Parlamentu berri bat hautatu zen, aurreko garaiekin alderatuta ezaugarri ezberdin bat zeukana: Nafarroako Parlamentu berria Parlamentu demokratikoa zen, nafar guztiek hauteskunde askeetan aukeratua. Parlamentu demokratiko hori gehienez lau urtean behin berritzen da, eta berritze bakoitzari legegintzaldi ezberdin bat dagokio. Nafarroako Parlamentua edo Gorteak, Nafarroako Gobernuarekin eta Auzitegi Nagusiarekin batera, Foru Komunitatearen erakunderik bereizgarrienetakoa da. Nafarroako Parlamentuaren zeregina da Nafarroako Gobernuko lehendakaritza hautatzea, gobernu-jarduna kontrolatzea, legeak onestea eta abar. Nafarroako autonomia-erkidegoa 1978ko Konstituzioaren balio demokratikoetan dago mamitua. Horrenbestez, 1982ko Hobetzearen Legeak, zeinak Nafarroako Parlamentuaren eginkizun berriak jasotzen baititu, foru araubidearen demokratizazioa gorpuztu zuen, bai eta Nafarroak Estatuarekiko harremanean dituen eta antzinako foruetan ezarriak zeuzkan zenbait berezitasunen mantentzea ere.
Nahiago baduzu, hurbil zaitez Parlamentuaren historiara beste bide batetik: komiki bat irakurtzen. Bertan erakundearen bilakaeraren berri izanen duzu, Erdi Arotik gaur egun arte, beti ere era atseginago batez.
Atal honetatik zure Parlamentuari buruzko lana argitaratu dezakezu eta baita beste ikasleek egindakoak kontsultatu ere. Testu bat, bideo bat, argazkiren bat... horietakoak badituzu, bidal itzazu.
Jaits itzazu unitate didaktikoa, ikaslearen koadernoa eta Parlamentura joateko bisita prestatzeko gidoia. Guztiak eskura dituzu, bai Lehen Hezkuntzakoak eta baita Bigarren Hezkuntzakoak ere.
Ikusi gehiagoNafarroako Parlamentuari buruzko hiztegia. Hor aurkituko dituzu webean azpimarratuta ageri diren hitz guztiak.
Ikusi gehiago
Navas de Tolosa kalea, 1
31002 - Pamplona/Iruña
Telefonoa: 948 209 209
Faxa: 948 228 444
Posta elektronikoa:
parlamento@parlamento-navarra.es
protocolo@parlamento-navarra.es
Ikusi gehiago