Castellano | Euskara

Hasiera >  Historia  > 

Historia

  1. NAFARROAKO PARLAMENTUAREN HISTORIA
  2. 905 -1512. Iruñeko Erresuma/Nafarroako Erresuma
  3. 1515-1841. Reino de Navarra anexionado
  4. 1841-1979. Nafarroa, Espainiako probintzia
  5. 1979-Gaur arte. Nafarroako Foru Komunitatea.
  6. Gaurko Nafarroako Parlamentua. Parlamentu demokratiko bat.
  7. Foruaren hobetzea

NAFARROAKO PARLAMENTUAREN HISTORIA

Nafarroako Parlamentuaren edo Gorteen historia aspaldikoa da, orain dela mende askotakoa. Gorteak ez ziren une jakin batean sortu, baizik eta, Nafarroa bezalako erresuma txiki bateko botere-erakundeen artetik, pixkanaka-pixkanaka garrantzi gero eta handiagoa hartzen joan ziren.

Igo

905 -1512. Iruñeko Erresuma/Nafarroako Erresuma


905 -1512. Iruñeko Erresuma/Nafarroako Erresuma.


Comptos Ganberaren barrenaldea.

Nafarroako Erresumaren jatorria IX. mendean dago, Iruñeko Erresuma izenarekin. Gero, izena aldatu eta Nafarroa izena hartu zuen. Erresuma pixkanaka joan zen sortzen, zenbait egitate abiapuntu hartuta: arabiarrek lur menditsuenak abandonatu zituzten, arabiarrekin itunak egin ziren, lur berrietan borroka egin eta konkistak egin ziren...
Boterea agintarien artean banatu zen eta erakunde batzuk sortu ziren. Aldi berean, erresuma berria zabaltzen joan zen. Erresuman honakoak dira nabarmentzen diren erakundeak: erregea, zeina botere handiena duena baita, harekin batera doan eta hari aholku ematen dion gortea eta auzitegiak. Gainera, kontrolerako erakunde batzuk ere badaude; esate baterako, Gorteak, non noblea, elizgizonak eta hiribilduetako biztanleak dauden. Gorteek, denborarekin, botere gehiago hartu zuten.
Antolamendu soziala estamentuetan oinarritzen zen. Gorteen osaera ere bai: nobleak, elizgizonak eta 38 herritako ordezkariak. Hautaketa ez zen demokratikoa izaten. Baina erregeak foruak errespetatu eta hobetu behar izateak, izendatua izan baino lehen, bereziki XIII. mendetik aurrera, berarekin zekarren arau batzuen menpe jarri behar izate.
Izan ere, honakoak dira aldi honetako erakunde nagusiak: Erregea, Gorteak, Errege Kontseilua, Gorte Nagusia edo “Cort general” deitutakoa eta Comptos Ganbera.

Igo

1515-1841. Reino de Navarra anexionado


Nafarroako Gorteak Iruñeko katedralean bildu ziren askotan.


Antzinako Nafarraoko Gorteen boto-ontziak.

Albako dukearen tropek Nafarroa inbaditu ondoren (1512), Nafarroako errege berria Gaztelakoa izan zen. Nafarroako erregeak Frantziara egin zuen ihes, eta Nafarroak bere nazioarteko identitatea galdu zuen. Gaztelak Nafarroa anexionatu zuen.
Aurreko garaiko erakundeek irauten dute, baina erregearen ordezkaria Gaztelako erregeak izendatutako erregeorde bat da. Honako erakundeak mantentzen dira: Errege Kontseilua –justizia emateko organoa–, Gorte Nagusia –auzitegi tekniko bat– eta Comptos Ganbera –ogasunarekin eta ondarearekin loturiko gaietarako–. Erresumako Gorteek estamentu-izaera edukitzen jarraitzen dute eta nafarren interesak ordezkatzen dituzte Erregearen aurrean. Gorteek zenbait bide zituzten beren boterea agerrarazteko:
-Bilkura bakoitzean Koroaren arauak arakatzen ziren, “laido” edo “kontraforuren bat” bazuten jakiteko. Ondoren, Koroaren prestazio ekonomikoak ordaintzen zituzten, “dohaintza” deitutakoaren bitartez.
-Gainera, Gorteek beraientzat hartzen zuten “argitaratzeko” eskubidea; izan ere, tramite hori gabe legeak ez zuen indarrik izaten.
1576an Foru Diputazioa sortu zen, Gorteen ordezkaritza iraunkor baten gisara. Haren eginkizuna zen Gorteek erabakitakoa betetzea, bilduta ez zeuden bitartean, eta foruen aurkako lege-urraketak gerta ez zitezen zaintzea.
Erresumako Diputazioa, Aro Modernoaren bukaeran, garrantzia hartzen joaten da. Erakunde iraunkorra da, eta Gorteak, berriz, oso noizean behin biltzen dira. Batzuetan, bi edo hiru urtez behin.
Izan ere, Erregeorde batek ordezkatzen du Nafarroako erregea, zeina, besteak beste Gaztelako eta Aragoiko erregea ere baden. Gorteek garrantzi handiagoa hartu zuten. Gorte Nagusiak eta Comptos Ganberak lehengoan diraute. Erresumako Diputazioa agertzen da.
Azken batean, Nafarroako Gorteak, Aro Modernoan, erresumako estamentuen araberako ordezkaritza ziren. Haren bilkuretan, ahaleginak egiten ziren lege indardunak betetzeko, eta bide horretan eskari zehatzak egiten zitzaizkion erregeordeari kontraforuei konponbidea emateko. Halaber, lege berriak egitea proposatzen zen eta Koroari erresumak eskatutako zergak ematen zitzaizkion.

Igo

1841-1979. Nafarroa, Espainiako probintzia


Foruen monumentua.


Nafarroako Jauregia, Nafarroako Lehendakaritza edo Nafarroako Diputazioaren egoitza.

Lehenengo Karlistaldian (1833-1839), Espainian karlistak eta liberalak elkarren aurka jarri ziren. Liberalak estatu zentralizatuaren aldekoak ziren. Gerra zibil bat izan zen. Liberalak garaile atera ziren, Espainiako eta Nafarroako hirietan bereziki egokituak baitzeuden. Espainiako estatuak ordura arte zituenak baino botere gehiago eskuratu zituen. Nafarroak erresuma izateari utzi zion, eta Gorteak, auzitegiak, aduanak erregeordea eta abar ere galdu zituen. Nafarroarentzat beste unitate administratibo bat instituzionalizatu zen: probintzia. 1841eko Lege Itundua aldarrikatu zen, eta hura izanen zen Nafarroaren eta Estatuaren arteko harreman berrien oinarria. Nafarroak erresuma izateari utzi zion probintzia izateko, baina bere foru araubidearen berezitasun batzuk gorde zituen.
Nafarroako Gorteen azken bilkura 1829an izan zen. Haren eginkizunak Nafarroako Gorteek eta Foru Diputazioak hartu zituzten. Lege Itundua aldarrikatu zenetik, Nafarroako Diputazioak Nafarroako gobernu baten eginkizunak bete izan ditu. Zergak bildu eta aurrekontuak onetsi ditu. Horiekin, bideak eta errepideak egin ditu, eta mendien eta administrazio moderno baten beste zerbitzu batzuen antolaketaz eta zainketaz arduratu da.
Izan ere, Nafarroako erresuma desagertzen da, eta erregeordea (haren ordez, gobernadorea dago), Gorteak... Diputazio probintzialak irauten du, eta aurrerago Foru Kontseilu Administratiboa sortzen da.

Igo

1979-Gaur arte. Nafarroako Foru Komunitatea.


1979ko Parlamentua osatu zuten parlamentarien argazkia.


VII. Legegintzaldiko parlamentarien argazkia.

1978ko Espainiako Konstituzioak, lehenengo xedapen gehigarrian, dio “Konstituzioak lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen dituela”. Lurralde horien artean, Nafarroa dago. Baina Konstituzioak foru araubideen eguneratze orokorra exijitzen zuen, Espainiako demokraziara egokitzea.
1979an, sufragio unibertsalez, Nafarroako Foru Parlamentua eta Foru Diputazioa hautatu ziren. Nafarroaren eta Estatuaren arteko itun bat negoziatzeko prozesua abiatzeko lehenbiziko pausoa izan zen. Itun horrek, izan ere, Nafarroaren marko juridiko eta instituzionala berritu zuen. Ituna bururaino eramateko, 1982an Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldarrikatu zen. Foru Hobetzeak foru araubidearen demokratizatzea ekarri zuen, eta berezitasun batzuk gorde zituen Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanei dagokienez.
Aldi horretan, Nafarroako Gorteak edo Parlamentua berriz ezarri ziren. Demokratikoki hautatzen dira. Parlamentuaren zereginak dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko lehendakaria hautatzea, gobernu-jarduna kontrolatzea, Nafarroako Aurrekontua onestea eta legeak onestea. Nafarroako autonomia 1978ko Konstituzioaren balio demokratikoen argitan aintzat hartu behar da.

Izan ere, honakoak dira erakunde nagusiak: Nafarroako Parlamentua edo Gorteak, Nafarroako Gobernua edo Diputazioa eta Nafarroako Gobernuaren Lehendakaria. Gainera, Nafarroako Auzitegi Nagusia ere bada.

Igo

Gaurko Nafarroako Parlamentua. Parlamentu demokratiko bat.


Nafarroako Parlamentuaren lehen egoitza administratiboa, Iruñeko Emilio Arrieta kalean.


1984tik 2002. urtea arteko Osoko Bilkuren Aretoraren irudia. Karlos III.aren etorbidean.

Franco 1975ean hil ostean hasitako trantsizio-prozesuaren ondoren, 1978ko abenduaren 6an erreferendum bitartez onetsi zen 1978ko Konstituzioa. Espainia diktadura izatetik herri demokratiko izatera pasa zen. Diktadurazko agintea duen herri batean, herritarrek ez dituzte beren agintariak hauteskunde askeen bitartez hautatzen. Urte askoan, Espainian ez zen hauteskunderik izan Gobernuko lehendakaria edo autonomia erkidegoetako lehendakariak hautatzeko. Geroztik, ordea, hauteskunde askeak daude, eta herritarrek modua daukate beren agintariak hautatzeko botoa emateko.
1978ko Konstituzioak Espainia demokratizatzea ahalbidetu zuen, eta horrekin batera, Estatua autonomia erkidegoetan banaturik antolatu zuen. Hamazazpi autonomia erkidego eratu ziren, eta haietako bakoitzean, herritarrek parlamentu bat hautatzen dute. Parlamentu horrek hautatuko du gero erkidego horretako gobernuko lehendakaria.
Erkidegoak eratu eta abiarazteko prozesua lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz garatu zen. Nafarroari dagokionez, foru erakundeak demokratizatzeko dekretu bat argitaratu zen 1979ko urtarrilaren 26an. Urte horretako apirilean egin ziren Nafarroako lehenengo parlamentu demokratikoa eta Nafarroako Foru Diputazioa (Gobernua) osatzen zuten zazpi kideak hautatzeko hauteskundeak, lehenbizikoz. Hautaturiko pertsonek antolatu zituzten Nafarroak etorkizunean izanen zuen bizikidetza politikoaren oinarriak, gobernu zentralarekin ituna eginez: Foruaren hobetzea.

Igo

Foruaren hobetzea


1979an aukeratutako parlamentariak.


Foruaren Hobetzea liburuaren ale bat.

1982ko martxoaren 8an, Nafarroako Foru Diputazioak eta Espainiako Gobernuak itundu eta izenpetu zuten Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren testua. Lege hau burutzeko ireki zen prozesuak hiru urte iraun zuen eta haren helburua izan zen Nafarroako erakundeak demokraziarekin ongi ezkontzea.

1979. urteko hauteskundeetan hautaturiko pertsonek antolatu zituzten Nafarroak etorkizunean izanen zuen bizikidetza politikoaren oinarriak, gobernu zentralarekin ituna eginez:

-Aldizka (lau urtean behin), hauteskunde askeak egonen zirela onartu zen, Nafarroak denboran zehar izanen zituen parlamentu demokratikoak hautatzeko. Era berean haren eskumenak ezarri ziren.

-Parlamentuak hautatuko zuen Nafarroako Gobernuko lehendakaria, eta gobernuaren lana kontrolatuko zuen.

-Justizia Auzitegi Nagusi ba ezartzea, gizarte-auziak ebazteko .

-Adostu zen zein gaitan duen eskumena (alegia, agintea) Nafarroan Nafarroako Gobernuak, eta zeintzuetan izanen den eskudun Estatua.

-Toki entitateei (udalak eta abar) beren boterea aitortu zitzaien, zeini bere mugapean.

-Nafarroaren ikurrak, hiriburua, hizkuntza ofizialak, lurraldea eta abar ezarri ziren.

Azken batean, Foru Hobetzeak Nafarroako erakundeak demokratizatzea ahalbidetu zuen., eta halaber ahalbidetu zuen Nafarroako Foru Araubidearen hainbat berezitasuni eustea, aspaldidanik indarrean zeudenak.

Itzuli HISTORIAra

BALIABIDE DIDAKTIKOAK

Nafarroako Parlamentuaren historia

Nahiago baduzu, hurbil zaitez Parlamentuaren historiara beste bide batetik: komiki bat irakurtzen. Bertan erakundearen bilakaeraren berri izanen duzu, Erdi Arotik gaur egun arte, beti ere era atseginago batez.

Ikusi gehiago

Argitaratu zure lana

Atal honetatik zure Parlamentuari buruzko lana argitaratu dezakezu eta baita beste ikasleek egindakoak kontsultatu ere. Testu bat, bideo bat, argazkiren bat... horietakoak badituzu, bidal itzazu.

Ikusi gehiago

Irakasleentzako materiala

Jaits itzazu unitate didaktikoa, ikaslearen koadernoa eta Parlamentura joateko bisita prestatzeko gidoia. Guztiak eskura dituzu, bai Lehen Hezkuntzakoak eta baita Bigarren Hezkuntzakoak ere.

Ikusi gehiago

Parliztegia

Nafarroako Parlamentuari buruzko hiztegia. Hor aurkituko dituzu webean azpimarratuta ageri diren hitz guztiak.

Ikusi gehiago

Nafarroako Parlamentua

Navas de Tolosa kalea, 1
31002 - Pamplona/Iruña
Telefonoa: 948 209 209
Faxa: 948 228 444
Posta elektronikoa:
parlamento@parlamento-navarra.es
protocolo@parlamento-navarra.es Ikusi gehiago